Bai euskarari bai euskarari. zerbitzua eta lana euskaraz Premie Euskara-Planak

| eu | es |

Heidi marrazki bizidunek 50 urte bete dituzte

2024/01/26 sustatu.com -- Albiste originala ikusi

Urtarril honetan bete ditu 50 urteko historiako anime edo marrazki bizidun japoniarren telesail agian historikoenak: Heidik. 1974ko urtarrilaren 5ean eman zen lehen atala Japonian, eta hurrengo urteetan iritsi zen Euskal Herrira, lehenbizi gaztelaniaz Hego Euskal Herrian, gero frantsesez Ipar EHn, eta azkenik euskaraz ETBren eskutik, musika egokitzapen eta bikoizketa bikainekin. 52 atal izan ziren, eta euskarazko bertsioan guztiak ikus daitezke Youtuben, Euskal Encodings-ek egindako berreskuratze eta bilketa lanari esker.

Heidi, izatez, Johanna Spyri suitzarraren eleberri kostunbrista bat da, 19. mendekoa. Hark asmatu zituen Heidi neskato umezurtza eta bere aitona, eta euskarazko izenekin ezagutzen ditugun beste pertsonaiak: Pello ahuntzaina, Klara hiriko neska elbarria, Rottenmeier andereñoa, Lanbro txakurra, Elurtxo antxumea, Pitxin txoria... 

Japonian, marrazki bizidunen ekoizle batzuek, Mendebaldeko literatura adaptazio batzuen sortan ekoitzi zuten Heidi. Isao Takahata anime-lariak zuzendu zuen, baina anime munduko beste hainbat profesionalek ere parte hartu zuten parte; horien artean, Hayao Miyazakik eszena-diseinuan, layout lanean eta gidoian parte hartu zuen, eta bere marka igarri daiteke Heidin. Miyazaki izan da, agian, harrezkero marrazki bizidunen maisu handiena munduan.

1974ko urtarrilaren 6an eman zuten Japoniako telebistan lehen atala, eta 52 ataletan osatu zen saila, urte osoa betez abendura arte. Espainiako estreinaldia TVEn 1975ean izan zen eta Frantziakoa TF1en 1979ko abendutik aurrera.

Euskal Telebistarako euskaratu egin zen... baina ez dugu datu zehatzik aurkitu lanaz edo datez euskarazko Wikipedian. 2016an ETB3n berriz jarri zuten, baina ez da inondik lehen data, lehen aldia 1980ko hamarkadan izan behar du. Gainera kredituak desberdinak omen ziren 2015ean prestatu zen bertsio honetan, ez lehen bertsioko euskarazko kantuekin, baizik eta kopia master aleman batean oinarrituak nonbait, alemanezko hitzak tarrean zirela, webgune honen araberaEuskal Encodings-etik datu gehiago ere eman dizkigute, bikoiztaile batzuen izenak: 

  • Heidi: Miren Aranburu (hasiera eta amaierako kantuak ere bai)
  • Pello: Nekane Sarobe
  • Aitona: Mikel Mendizabal
  • Rottenmeier andereñoa: Ane Aseginolaza

Inork gehiago baleki, eskertuko genuke informazioa erantzunetan.

Aipagarria da Euskal Encodings-ek egindakoa, beste hainbat animaziorekin egin duen bezala, berreskuratze lan itzela egin du 21. mendean, eta 52 atalak gordeak ditu, Youtuben eta beste toki batzuetan.

Gogoratzeko, amaierako abestia adibide gisa: 

Heidi euskaraz: hemen.


Iruzkinak:



atez euskara zerbitzua
Artez Euskara Zerbitzua Koop. E.
H: Luzarra, 10 - Deustu Bizkaia Euskal Herria
T: (34) 944 480 000 F: (34) 944 757 229
Kontaktua - Lege jakinarazpena
twitter Facebook
bfa spri Babesleak
XHTML 1.0 Transitional balidoa CSS Balidoa!